sopelakostafest2015

Indartsu etorriko da Sopela Kosta Fest jaialdiaren bigarren edizioa

2015eko maiatzaren 21(e)an

Kiko Veneno, Pirritx eta Porrotx, laburmetrai lehiaketa, surf txapelketak, Baskery, bioeraikuntza, Tania de Sousa… Irailaren 23tik 27ra bitartean Sopela Kosta Fest jaialdia antolatuko da, bigarren urtez, eta egitarau osatuagoa eta anitzagoa izango du.

Egitarauak hiru ardatz nagusi izango ditu beste behin ere: musika, surfa eta naturaren babesa. Jaialdiaren helburua honakoa izango da: Sopelako turismoa indartzea, sopeloztar eta bisitariei kalitatezko kultur jarduerak eskaintzea eta dendari txiki eta ostalariak laguntzea.

Sopela Kosta Fest jaialdiak udalerria surf, natura eta musikaz beteko du bigarren urtez uda amaieran. Iazko arrakastaren ostean, Sopelako Udala bigarren edizioa antolatzen hasi da jada. Aurtengo data irailaren 23tik 27ra izango da, eta iaz bezala jarduera gehienak debalde izango dira. Batez ere gune bi egongo dira: hondartza-ingurua eta udaletxe plazan jarriko den karpa.

Programa guztiz itxita ez dagoen arren, Udalak jarduera nagusiak zeintzuk izango diren zehaztu ditu jada. Musikari dagokionez, kontzertu nagusiak irailaren 25ean eta 26an izango dira, udaletxeko karpan. Ostiralean emakumeak igoko dira eszenatokira: Baskery talde suediarra izango da gau horretako kartel-burua, Tania de Sousa, Libe eta Las Gildas taldeekin batera. Larunbatean, ostera, kartel-burua Kiko Veneno musikari ezaguna izango da, The Uski´s taldeagaz batera. Horrez gain, gau horretan aurrerago zehaztuko diren beste talde bi egongo dira. Domekan, Gibelurdiñek taldearen txanda izango da.

Naturaren babesari dagokionez, aurtengo jaialdiak ingurumenagaz lotutako jarduerak indartuko ditu. Berrikuntza nagusia domo geodesiko baten eraikuntza izango da, bioeraikuntza tailer baten bidez, udaletxe plazako berdegunean (jaialdiaren ostean domoa kenduko da). Gainera, domoan bertan ingurumenagaz lotutako hainbat jarduera egongo dira: xaboi eta kosmetiko naturalen ikastaroa, txorientzako habiak sortzeko tailerra, eta abar. Horrez gain, fracking-aren kontrako aldarria ere presente egongo da jaialdian. Adibidez, haustura hidraulikoaren kontrako bertso-saioa egongo da Fredi Paia, Ekaitz Larrazabal “Katxo” eta Jone Uriaren eskutik.

Surfa izango da Sopela Kosta Fest jaialdiak landuko duen hirugarren esparrua: surf-taldeen arteko txapelketa egongo da, surf-ikastaroak, eta abar. Gainera, jaialdiaren baitan surfagaz lotutako laburmetrai-txapelketa egongo da. Lanek gehienezko 15 minutuko iraupena izan beharko dute, eta irabazleak irailaren 24an proiektatuko dira udaletxe plazako karpan. Lehiaketa guztiz partehartzailea da, eta, beraz, edozein pertsonak parte har dezake bertan, lanak nahiz eta guztiz “profesionalak” ez izan. Animatu eta parte hartu!

Jaialdiak berrikuntza ugari izango dituen arren, lehenengo edizioko hainbat jarduera aurten ere mantenduko dira, iazko arrakasta dela eta: surf ikastaroak debalde, parapente hegaldiak debalde, itsas-labarretara bisita gidatuak, hegaztiak behatzeko urteerak, naturagaz lotutako umeentzako tailerrak, antzezlanak, eta abar.

Gainera, jaialdiaren hasiera harrigarria izango da, batez ere herriko txikientzat. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ikuskizun eder bategaz helduko dira Urko kiroldegira: itsasoagaz eta Ternuara arrantza egitera joaten ziren euskal arrantzaleekin lotutako ikuskizuna izango da. Saio bikoitza eskainiko dute, eta ostean kalejiran igoko dira Larrabasterratik udaletxe plazaraino. Bertan, Euskal Herriko pailazorik ezagunenek Sopelako umeei harrera egingo diete.

Era berean, jaialdiaren amaiera ere ikusgarria izango da. Iaz bezala, suzko faroltxoak botako dira zerura jaialdia amaitzeko. Faroltxoak guztiz biodegradarriak dira, eta aurten gehiago botako dira, iazko eskaera handia aintzat hartuz: 300 beharrean 500 botako dira. Bildutako diru guztia Aimar del Pozo ume sopeloztarrak egin behar dituen ebakuntzak ordaintzen laguntzeko bideratuko da.

Jaialdiaren helburua, lehenengo urtean bezalaxe, udalerrian turismoa sustatzea izango da, sopeloztar eta bisitariei kalitatezko kultura eskaintzen zaien bitartean. Horrez gain, tokiko komertzio eta tabernei ere onura ekartzea da beste helburuetako bat. Udalaz gain, herriko hainbat eragile eta enpresa parte hartzen ari da jaialdiaren antolakuntzan.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que tengas la mejor experiencia de usuario. Si continúas navegando estás dando tu consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies.

CERRAR